XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Axunentzat inoiz ezagutu ez zuen beste mundu txundigarri bat zen hura.

Barren-barrenetik sorturiko zoriona bere aurpegi, begitarte, irribarre eta algara eta so maitekorretan islatzen zitzaion.

Eta ni, maiz, tontoloa bezala liluraturik geratzen nintzaion begi beltz ederretan galduta...

Arrantzan jardute hura jolas dibertigarria bihurtu genuen eta han ibiltzen ginen altxorra aurkitu berria duten haurrak baikinan, bozkarioz kabitu ezinik.

Egunak guk nahi baino azkarrago zihoazkigun.

Lantegian umore onez jarduten nuen, banekien-eta arratsalde eta gau ona izango nituela.

Gauetan, ilargirik gabeko izarratua zegoenean, itsaso txarretan olatuek bortizki jotzen zutelako, konpontzea alferrikako eginez, beti argirik gabe egoten zen uhinurrategi muturrera joaten ginen.

Petrilean gora begira etzan eta ortzearen miragarritasun eta handitasunaz jabe zedin.

Bermeoko marinel batek irakatsi zizkidan ikasgaiak ematen nizkion Axuni.

Izarrak eta planetak non kokatzen ziren, Hartz Handia, Hartz Txikia. Kasiopea, Pleiadeak, Martitz, Orion, Artizarra...

Hartz Handiko bi izarretatik abiatuz nola aurki zezakeen Iparrizarra...

Abuztuko gauetan meteoritoak zenbatzen ere jarduten genuen.

Asetuta sentitzen ginen milaka eta milaka argi txikiz inguraturiko ilunbe zoragarrian.

Gorputz maitekor hura ondoan nuelarik, gainean jarri, edo bularrak ferekatu, edo muxu luze bat emateko gogoak hartuta egon nintzen hamaika aldiz!